XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbakia Matematikaren eremua hitz gutxitan definitu behar bada, eremu horrek zenbakiak eta espazioa besarkatzen dituela esango genuke; gaur egun horrelako asmo batek zentzu handirik ez badu ere Matematikaren garapen ikaragarriak definizio guztiak apurtzen bait ditu interesgarria gertatzen da Matematikaren oinarrizko idea bat finkatzeko eta bere nondik-norakoa nolabait antzemateko.

Ez dirudi zalantza handia dagokeenik, Matematikaren jaiotza zenbaki arrunten erdibitzearekin gertatu zela baieztatzeko: antzinako gizonek gainditu behar izan zuten lehenengo problema kontaketarena izan bide zen, izan ere, beren artalde edo beste gauza propioen kopurua zehazki jakiteko; eta kontaketaren ondorio zuzena, jakina, zenbaki arruntak dira.

Kontaketa bezain funtsezkoa zuten ordenamenduaren beharra; ordenamendu hau burutzeko zenbaki arruntak erabil daitezke, eta egin ere horrela egin da aspaldiko garai horiez geroztik.

Horra hor zenbaki arruntek betetzen dituzten bi eginkizunak: zenbaki kardinalak (kontatzeko) eta ordinalak (zenbakitzeko).

Zenbakiok ezagunak noiztik diren esatea oso zaila da: gizonaren lehenengo kontzeptuetan toki funtsezko bat betetzen dute kontaketa eta ordenamendu direlakoek: gizonekin batera azaldu zirela esateraino hel daiteke, bildurrik gabe.

Dena dela, lehen aztarnak Babilonia eta Sumeriako herrien zibilizazioetan aurkitzen dira, duela 3.500 urte gutxi gora-behera; zenbaki arruntak erabiliz Aritmetika sinple baten jabe izatera iritsi ziren, bai eta astronomian saio txiki batzuk egiteraino ere.

Herri hauen matematikan argi ikus daitezke lehen aipaturiko bi zutabeak, zenbakiak eta espazioa alegia.

Egipton sortutako zibilizazioan zenbaki arruntak eta zatikiak ere ezagutu ziren.

Esan beharra dago, Matematikak ez zuela oraindik zientzia berezko baten postua; bere aplikazio praktikoagatik aztertzen zen, baina ez zen Matematikari buruz pentsatzen.

Egiptoko gizarte nekazari horren interes praktikoa lurraren neurketak ekartzen dituen problemak estudiatzea izan zen; ezagutzen den lehenengo izkribu matematikoan, Rhind-eko papiro delakoan (izkribu honen jatorria K.a-l.000 urtetan dagokeela suposatzen da), frakzioen azalpen egoki bat dator eta frakzioen arteko zenbait kalkulu ere bai.

Niloa beheratu ondoren lur-banaketa egin beharrak bultzatu omen zituen azterketok, horrekin batean agrimentsorearen pertsonaia sortaraziz.

Grekoen jokabidea oso garrantzitsua izan da Matematikaren garapenean.

Matematika zientzia baten posturaino igon zuten hauek.

Pauso hau, interes praktiko hutsetik zerbait urrunduz Matematikaren eraikuntzan sortzen diren ideiei buruz interesatzen hastean ematen da.

Platon zenbakiak jainkoen inspirazioz sorturik daudela esatera iritsiko da, eta geometria zientzia guztietan lehena dela predikatzera.

Jainkoen atributuren bat ez al da absolutua, agian garrantzitsuena?; eta zer da absolutuagorik kantitatea baino?; eta zer dira zenbaki arruntak, kantitatearen adierazleak baizik?(...).